andoni egana
HITZ ETZANAK

Hankak

2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elgoibarren ginen herenegun. Kopla lehiaketa bat estreinakoz. Hamar lagun, eta bi gai jartzaile oholtzan. Oholtzapean, musikariak. Tokia ederra, baina kanpoaldean. Eta hoztu egin zuen. Guk espero baino gehiago eta azkarrago. Arropa arinegiekin joan ginen, eta gauak aurrera egin ahala antzeman egiten zitzaigun dardara. Bukatu zen saioa. Izendatu zuten irabazlea, eta Angel Ugarteburu igo zen oholtzara Aitor Mendiluzeri saria ematera. Ondoan egokitu zitzaidan une batez. Eta belarri-ertzera bota zidan: « Gaur… 'derecho a pataleo' behar zenukete». Ulertu ez duenaren aurpegia jarriko nion, eta Salamancako Unibertsitatea aipatu zidan. Ez zen ezertan sakontzeko unea ez tokia, eta jakin-minez itzuli nintzen etxera, behar bezain tipo jantzia ez naizela frogatuta.

XVI. mendean, ikasle pobreak ordubete lehenago sartzen ziren Unibertsitateko ikasgelara, ikasle aberatsen aulkiak berotzera. Ordua iristean, aberatsak esertzen ziren epeldutako aulkietan, eta pobreek atzeko aulki hotzetara joan behar izaten zuten. Han, izoztu ez zitezen, bost minutuz oinekin lurra jotzen jarduteko eskubidea izaten zuten…

Pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago egiten dituen sistema honetan, hutsaren hurrena da, baina eskubide horri behintzat heldu behar genioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.