Bi mutil koxkor ari dira pilotan Altzoko frontoian. Kanpotik egun-pasa joandako heldu batzuk begira-begira daude, haurren trebetasunak miretsirik. Tantotik tantorako etenaldian, nagusi horietako batek galdetu dio umerik koxkortuenari ze adin duen, erdaraz. Eta umeak «seis» erantzun die. Gero, txikienari luzatu diote galdera bera: «¿Y tú?» Pentsatu egin behar izan du, une batez, erantzuna. Sei urte dituenak «seis» erantzun badu, berak lau dituenez… «laus» bota du.
Izan nuen nik ere umetan, tankera beretsuko buru-nahaste bat. Telebista artean iritsi gabea zen gurera, eta hitzei eta izenei norberak jarri behar izaten zizkien irudiak. Otsoa zer zen banekien, aurrez aurre inoiz ikusi gabea izan arren, ipuinetako marrazkietatik-eta. Gero, gazteleraz oso izeneko piztia bat bazela ikasi nuelarik, otso-ren aldagai erdarazkoa zela erabaki nuen, eta urteak eman nituen oso entzuten nuen bakoitzean zakur basati belarri-txorrotxaren irudia buruan itsatsita.
Gerora ikasi nuen, gazteleraz ere, otsoa otsotzat eta hartza hartzatzat hartzen. Baina egia da, euskaratik eta erdaraz ari garenean egiten ditugun hanka-sartzeek irria eta lotsa punttua sortzen dizkigutela. Aitzitik, erdaratik eta euskaraz ari garenean, ez gara, dagoeneko, konturatzen…

HITZ ETZANAK
Hartza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu