Atzoko egunkari bateko lehen orrian, argazki handi bat. Futbol-atezain izandako bi. Luis Arconada eta Juan Carlos Unzue. Hamahiru urteren aldea dute, eta behin baino ez zuten topo egin futbol-zelaian. Atzo, elkarrekin bazkaldu, eta hitz-aspertu bat egitera bildu ziren. Unzueri ELA gaitza diagnostikatu zioten duela bi urte, eta ordutik izan duen jarrera bizitza-ikasgai izan da askorentzat. Juan Carlosek beti miretsi izan zuen nonbait Arconada, eta pentsatzekoa da bientzat atsegin gertatuko zela garai joanen gogoratze hutsa, besarkada bat, igurtzia... Egunkariak argazkiari letrak jarri behar eta De héroe a héroe hautatu zuen. Hots, Heroitik heroira.
Lehen orri berean, argazkiaren eskuinaldean, letra txikiz, honako berri hau dator gazteleraz: Langile bat hil da Eibarren teilatutik erorita. Ermuarra zen, eta hirurogei urte zituen hildakoak. Adin horrekin, eta auskalo zer-nolako segurtasun neurriekin, inor ez da gustuz teilatura igotzen. Arrazoi osoz deitzen diote inguru haietan lanari beharra.
Bertsolarioi, zortzi silabako esaldi bete bat buruan sartzen zaigunean, itsatsi egiten zaigu, eta askatu ezinik ibiltzen gara txarrantxari galtza-barrena nola. Eroria da heroia darabilt nik behin eta berriz. Eroria da heroia.

HITZ ETZANAK
Heroia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu