andoni egana

Hitzeko

2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Crossover jaialdiak gonbidatuta Donostian da Robin Green. Laurogei urte urruti ez dituen andere honek ibilbide luzea du. Telebistarako serie entzutetsuen gidoiak idatzi zituen gerora, baina duela mende erdi pasa, Rolling Stone aldizkariko erreportari lanetan aritu zen.

Berak dioenez, ezagutzen ditu literaturari buruzko heziketa handia duten gurasoen seme-alabak irakurtzen ez dutenak. Hain eskuragarri omen dago informazioa! Berak, The New Yorker-en hamar zenbaki aldean dituela bidaiatzen omen du. Hango artikuluek eskaintzen diote nonbait Internetek eskaintzen ez dion sakontasun bat. «Nire Rolling Stone aldizkarirako testuek 10.000 hitz izaten zituzten. Zinez aritu nintekeen zerbaiti buruz. Eta gainera nola hitzeko kobratzen nuen...».

Albo-hizkuntzetan ez bezala, euskaraz «hitzeko» hori polisemikoa da. Izan daiteke «hitz bakoitzeko» eta izan daiteke «esana betetzen duenaren ezaugarri». Hauteskunde kanpaina bete-betean gaudenez, erabaki beharreko garrantzitsuena da hautagaietan nork heltzen dion lehen adierari eta nork bigarrenari. Hitzeko ari denak, orduan eta zailago izango du hitzeko izaten. Musikan adina balio du isilaldiak politikan. Gurea besterik da. Guk ez dugu hitzeko kobratzen. 163 hauekin askietsi beharko duzue...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.