Gurea izan zen pintxoari pintxodeitzen hasi zitzaion lehen belaunaldia. Ordura arte, gure gurasoek-eta, banderilla deitzen zioten; gurea izan zen poteari pote deitzen hasi zitzaion belaunaldietan lehena, ordura artekoek txikito erabiltzen baitzuten hitzetik hortzera.
Hitz berriek edozein hizkuntzatan egin dezaketen bidearen aurka ez daukat ezer. Baina bi hitz berri samar nolanahi elkartzeak hizkuntzaren sena urratzen duenean min hartzen dut. Eta gurea hitz elkarketarako erraztasun berezko handia duen hizkuntza izaki, pintxo-pote-k beti egin izan dit belarrian halako kirrinka bat. Zorne-pote, muki-zaku, lerde-pote, zorne-zaku edo muki-pote esanda zer esaten ari garen badakigu. Elkartu hitzok nahieran, beti izango baita ulergarri sortutakoa. Horregatik diot pinxo-pote asmatu zuenak ez zuela euskaratik asmatu...
Orain, lehen aldiz, ez dakit non zehazki baina sagar-pote-a egin behar dutela entzun dut. Pentsatzekoa da tabernaz taberna basokada sagardo edateari deituko diotela sagar-pote. Eta horrek bai min ematen didala! Esamoldea asmatu duenak ez du asko zorroztu irudimena. Piper-potea-ren garaiak hurbilekoegiak zaizkigu batzuei, sagarpotea entzun eta grazia egin diezagun.

HITZ ETZANAK
Hitzontzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu