andoni egana
HITZ ETZANAK

Hor konpon!

2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
MisEntropia. Kaosa eta ordena liburua argitaratu berritan Mitxelko Urangaren hitzak dira kapitalismoak kontsumismoaren amarrua nola erantsi digun azaltzeko: «Nik ikasleei esaten diet Habanan toki askotan Se repara. De todo kartela ikusten dela. Eta zuek zer konpontzen duzue? Ezertxo ere ez. Zer edo zer apurtzen denean berriro erosi eta kito».

Senitarteko bat badugu ogibidez zapatari. Ez ditu oinetakoak egin egiten. Saldu ere ez. Oinetakoak, gerrikoak, uhalak, arropen errematxe eta gainerakoak konpondu egiten ditu antigoaleko ofizioari segituz. Krisiaren muina ezagutu genuen bolada hartan galdetu nion behin ea zer moduz zihoakion. Nire harridurarako «ondo» erantzun zidan, beraiei ez zitzaiela gaizki etorri krisia. Jendeak berriz hartu zuela oinetakoak konpontzeko ohitura. Apurtua edo maiztua «hor konpon!» esanda zakarretara botatzen genituen garaiek bazuten nonbait mugaren bat...

Eta hari-mutur honi tiraka gogora etorri zait umearoan edonon eta orain inon ikusten ez dudan objektu bat, niretzat behintzat kuttuna: galtzerdiak zurtzitzeko egurrezko arraultza. Norbaitek noizbait opariren bat egin nahi balit ez luke ideia txarra. Baldintza bakarra jarriko nioke: erosi berria ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.