andoni egana
HITZ ETZANAK

Igo

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Pasadizo xumea da. Kontatu zidanak ere ez zion berebiziko garrantzirik eman. Joan dira umeen kirol-talde batekoak beste herri batera. Hartu dute parte goizetik. Bazkaldu dute. Eta bazkalondoko une mortuetan, eman diete haurrei askatasun pixka bat euren erara ibil daitezen. Eta halako batean, han ikusi dituzte lau-bost mutil kozkor eraikin zahar baten puntaren puntara igota. Begiraleek sustoa. Korrikaldia. Jaisteko handik. Errieta. Eta akaso, zigor txikiren bat.

Poztu egin nintzen oraindik ere haurrek norabait igotzeko—izan eraikin bat, izan monumenturen bat, izan hormatzarren bat, izan zuhaitz tantairen bat— joera hori badutela jakitean. Uste nuen norabait igo nahi izateko joera gimnasioetara eta telebista programatara murriztua zegoela. Baina haurrak haur dira oraindik, zorionez.

Bihar beteko dira 70 urte Tenzing Norgay eta Edmund Hillaryk Everest mendiaren gailurra harrapatu zutela. 1953ko maiatzaren 29a zen. Zientziak, abertzaletasunak, kirol ikuspegiak, abentura nahiak… faktore askok izan du eragina pertsonek menditzar horietara igo nahi izateko. «Zergatik? Zertarako igotzen zarete mendi gailur horietara?» betiko galderari, milaka erantzun eman izan dizkiote. Itxuraz infantilena dut nik gustukoen: «Bestaldean zer dagoen ikusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.