andoni egana

'Ikasi'

2025eko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ostegunerako jarri zioten hitzordua pertsona edadetu hari elkarrizketa bat grabatzeko. Eta inork espero ez zuen garaian, asteazken arratsaldean, azaldu zen grabazio lekura, Donostiara. Harriduraz hartu zuten deia egin ziotenek: «Baina, Joxe! Deskuidatu egin zara. Zuk bihar etorri behar zenuen!». Azalpenak harridura areagotu zien: «Bazekiat bihar etorri behar nuela. Baina gaur tokia ikastera etorri nauk».

Estresera eta presaka ibiltzera ohituak zeuden gazte haiek harritu egin zituen zaharraren disponibilitateak. Irten zen etxetik; hartu zuen trena; egin zituen trenez hogei minutu eta han azaldu zen, biharamunean joan beharreko lekua zein zen ikastera. Hitzordua jarri zioten gazte haietako bat, ekintzak berak baino gehiago txunditu zuen esamoldeak. Tokiak ere ikasi egiten ziren zaharren euskaran? 

Haur eta gazteen transexualitateari buruzko Naizen Nazioarteko I. Biltzarrean parte hartu duen Darko Decimavilla aktibista ez-binarioaren hitzak dira: «Gehiago irakurri, galdetu eta pentsatu». Eta xehatu ere egin zuen bere esana: «Gazteek pozik erantzungo dituzte helduek dituzten galderak». Sinetsirik nago hori dela prozesua. Ez dakit zergatik pentsatu behar den adin batetik aurrera jakin-mina eta ulertu nahia urritu egiten direla. Tokiak ere ikasteko prest dagoen jende klasea nortasun askotarikoak ikasteko prest egongo da…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.