Premiatik sortzen dira hitzak, eta beharrak hauspotzen ditu. Gero, tamalez, hitz batzuek pobreziaren bidea hartzen dute eta, ondoren, gezurrarena.
Premiak sortu eta beharrak hauspoturiko hitz batzuk maiztu egiten dira une jakin batean erabiliaren erabiliz eta horrek pobrezia dakar. Gazteleraz oro «espectacular» bilakatu zaie, berdin da eskubaloi partida den, den liburu bat, biziaro bat, soineko bat... Laster meza bat ere espektakularra izango da! Sentimendu edo iritzi bat adierazteko ezer-aski-ez hori guk errepikapenaren bidez konpontzeko bidea hartu dugu. Akaso ETBk izango du zerikusirik joera berrian. Orain dena da oso-oso polita, oso-oso luzea edo oso-oso nekagarria. Mila-mila esker ere ematen hasiak gaude mila gutxi izaki nonbait.
Aurten, munduko jatetxe onenen zerrendaren berri Bilbon eskaini dute, Euskaldunan buruturiko ekitaldi batean. «50 Best» horietan lehen postua Modenako Osteria Francescana jatetxeari eman diote. Massimo Bottura nagusiaren hitzetan, lehen postu hori lortzeak dakarren onurarik handiena da «ikusezin» zena «ikusgarri» bilakatu ahal izatea. Ez diot sinesten, gaur eta gastronomian, deus «ikusezin» denik. Hori da beste batzuek premiaz eta arrazoiz sorturiko esamoldea arrazoirik gabe bereganatzea.
HITZ ETZANAK
Ikusezin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu