Sei hilabetez ibili nintzen gimnasioan. Gasteizen. Aspaldi. Duela ia berrogei urte. Iltzatuta geratu zitzaidan, sarreran, olinpiar uztaien gainean, letra larriz idatzita zegoen esaldia. «Gorputz indartsu batek agindu egiten du; gorputz ahul batek, obeditu». Ez zen aginte ahalmena nik bilatzen nuena, baina sei hilabeteren buruan joateari utz niezaion arrazoi nagusia ez zen hori izan. Ez neraman tenplez jendaurrean ariketak egitearena. Batik bat, beti zelako norbait zure aldean asko zekiena eta hau horrela eta bestea hala egiteko aholkatzen zizuna, eta, bidenabar, zuri inondik ere interesatzen ez zitzaizun gairen bati buruzko berriketaldi bat egiteko beti prest zegoena.
Ihesbide txarra dute gimnasioetako makinek. Beste batera baino ezin duzu alde egin. Eta pelmak badu ezaugarri bat berezkoa: ez da konturatzen pelma dela.
Igandean, berripaper honek lehen orrira ekarri zuen gazteen kirolzaletasun boladaren albistea. «Indarra lantzeko jarduerek erakartzen dituzte gazteak batez ere». Adituek onuragarri irizten omen diote jarrera horri. Ez dut zalantzarik hala dela, nahiz eta agindu/obeditu bikote hark gimnasioekiko piztu zidan errezeloa ez zaidan guztiz itzali. Gainera, guztiok ez gara Errekartetxo eta ez dugu izan beharrik ere. Errekartetxo nor zen? Hizkuntza eta memoria dira gutxitxo lantzen ditugun gihar bi…