Ez dakit nondik nora sortu zen tupustaldia. Bataren idazkerak ez zuen zerikusirik bestearenarekin, eta litekeena da horixe izatea elkarren arteko xalamatikaren iturburu.
Aspaldiko kontuak dira nolanahi ere, eta, xehetasun larriagoen faltan, bi esaldi behintzat iritsi dira egunotara borroka haren lekuko, erasoari kontraeraso. Hala esan omen zuen behin Ruben Dariok: «Pio Barojaren nobelek mami handia dute. Nabaritzen da okina izan zela». Pio Barojak zorrotz erantzun zion: «Disdiratsua da oso Ruben Darioren luma. Begi bistakoa da indioa dela».
Egungo begi-belarrientzat bitxi ere gerta daitezke esaldi bi ala biak. Inori iseka egiteko arrazoi ez genuke joko noizbait okin-lanetan aritu izana. Hainbesteko ospea eta maila lortu zituena halako lan batean aritu izan zela jakitean duindu ere egiten da idazlea gure begietara; jatorri herri indio bat izatea, berriz, ondo ikusia legoke egun, sustraiak tinkatuak dituen norbaitez ari baikara, eta ez herri atzeratu eta basapiztiaz betetako batean sortutakoaz. Horixe du umoreak ezaugarri: aldatu egiten da. Eta aldatzen den zoru oro da irristakor. Horregatik sortzen digu hainbat buruhauste zerk sortzen duen irria, zerk eman dezakeen min, zer den zilegi eta zer ez, erabakitzeak.

HITZ ETZANAK
Irainak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu