Ez da samurra iritzia izatea, dena dela gaia. Zure iritzia finkatu aurretik begiratuko diozu nork eta noiz dioen dioena. Makulu horiek gabe, hutsaren gainean, nekeza gertatuko zaizu zerbaiten alde edo aurka jartzea. Egia egia dela, esan Agamenonek edo esan bere txerrizainak. Hala ikasi genuen Antonio Machadoren Juan de Mairena-ri esker. Baina nago egiak horretxek baino ertz gehiago dituela. Atzo hedatu zen albiste batekin egin dut proba.
Seaskako lehendakari den Peio Jorajuria izan balitz euren ikastoletan haurrentzat uniformea ezartzea erabaki dutela esan duena, horrek diskriminazioa ttipituko duela, aniztasunari kalterik egin gabe urrats bat egin nahi dutela berdintasunaren aldekoa, badakiela horrek ez duela ez azal kolorerik, ez gurasoen ondasun mailarik aldatuko, baina nonbaitetik hasi beharra dagoela... Uniformearen erabileraren aldeko haututik gertu nenbilke.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak aipatu du, ordea, eskolarako uniformearen derrigortasuna. Eta La Marseillaise ereserkia ikasi beharra erantsi dio horri. Gainera, ez du diskurtsoa, zure ustez, ongi zedarritu. Eta orduan, zure iritziak besterako aldaroa hartuko du. Uniformeak zenbat eta urrutiago, hobe. Nork-noizek izugarri eragiten didate iritzian. Horrelakoa naiz ni...