andoni egana
HITZ ETZANAK

Itzulpena

2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskaraz egiten nuen bertsotan Mexikon, Hego Amerikako inprobisatzaileen aurrean. Gaia gazteleraz ematen zidaten, nik euskaraz hiru bertso bota, eta nirekin joandako itzultzaileak ekartzen zituen erdarara. «Ha dicho que...». Itzultzaile ona zen nire adiskidea, baina bat-batean zeukan itzuli beharra berak ere, eta beti geratzen ginen bidean asko galtzen genuen ustearekin. Azken egunean proba bat egitea otu zitzaidan. Lagunaren baimenarekin, neuk egingo nuen itzulpena ere.

Jarri zidaten gaia. Itzulpenetik hasi nintzen. Gazteleraz pentsatzen eman nuen —neurtuz eta errimatuz, noski— ekin aurreko minutu erdia. Eta euskaraz hasi nintzen kantuan, segundo erdirik ere galdu gabe. Bukatzean, «he dicho que...»-ren ondotik, aurrez gazteleraz pentsatutako bertsoa bota nien, deklamatuz, ponpoxo. Bertsoa ordura artekoak baino eskaxagoa zen seguru, baina emaitza hobea iruditu zitzaien entzule erdaldunei. Inor ez zen jabetu nire urratsak zein izan ziren. Ulertu ez zuten bertso bat entzun zuten eta ulertu zuten itzulpen bat. Azken honek behar zuen ona.

Une eta inguru jakinekotan erabil zitekeen estrategia iruditu zitzaidan. Ohikorako, nahiago dut atzo Juan Luis Zabalak aipatzen zuena. Itzulpenean galduko den hori ahalik eta handiena izan dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.