andoni egana
HITZ ETZANAK

Izua

2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako itsasertzeko landetxe batean bertso-udalekuak burutzen ari ziren. Izu-gaua ere antolatu zuten begiraleek. Barrualdean haurrekin jolasen batzuk egiten ari ziren bitartean, baserriaren kanpoaldean, haurrek ezagutzen ez zuten lagun bat jarri zuten jiraka, zarpail jantzia, imintzio xelebreak eginez. Haurrek leihotik haren itzala sumatu zutenean, ikara sentitu zuten. Eta begiraleak jakinaren gainean jarri zituzten, larri: «Pobre bat! Kanpoan pobre bat dabil!».

Ez zuten esan munstro bat zebilenik; eskale bat zebilenik ere ez; ez zuten arrotzik aipatu; lapurrik ere ez. Pobre bat zebilela egin zuten oihu, beldurturik. Akaso, gizarte honek horretaraxe ohitu gaitu: pobreari beldurra izatera. Hots, pobre izateari...

Irakurri berri dut, kostaldeko Donejakue bidean, erromesentzako aterpetxe asko itxi dela azken urteetan, pandemiagatik, utzikeriagatik... dena delakoarengatik. Pasai Donibanetik Debara ekimen pribatuko pare bat aterpetxe daude zabalik. Bestelakorik ez. Hiriburuko aterpetxeak ez omen daude erromesentzat egokituak. Ez dakit nori dagokion konponbidea eta norena den erantzukizuna. Baina sumatzen dut turismoak ere —haurrek bezala— beldurra diola pobreari. Zenbaitentzat, bizkar-zorro eta bizkar-zorri sinonimoak dira nonbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.