Gaua. Berez ederra da, baina badaki mamutzen ere. Soinuak soinuago dira gauez, eta hotsak orduan dira hotsen. Parrandatik etxera edo etxetik lantegira, gauez, itzalak itzalago dira; gibelean entzuten dituzun urrats-hotsak mehatxagarriagoak, bihotz taupadak bizkortzeraino. Gauez, sirena hotsak galderaikurrago dira; garraxiak, lazgarriagoak. Gauez, minak minago dira, doluak doluago, eta orduen joanak ez dio egun-argiaren logika berari erantzuten.
Lainoa. Behe-lainoa nahiago baduzue, gure hizkuntzan. Aztoramendua sortzen du behe-lainoak. Ez dezakezu urrutikorik ikusi, ez sumatu. Norabidea ere gal zenezake behe-lainotan. Ez dakizu norantz zoazen eta are gutxiago dakizu zoazen leku hartan zer topa zenezakeen. Arnasa eten egiten du behe-lainoak norbere aho-sudurretako lurruna jatera iristen denean.
Gaua eta behe-lainoaren batuketaren emaitza derrigor da beldurra. Izua ere senti daiteke Amalia Rosado kazetariak kontatu dizkigunak jakinda. Naziek, kontzentrazio esparruetako atxilotu batzuk sailkatzeko, NN zeritzan dekretua jarri omen zuten indarrean. Nacht und Nebel. Guretzat, «gaua eta lainoa». Edo behe-lainoa. Izenburuak berak adierazten du atxilotu haiek ze etorkizun espero zezaketen. Ez hain aspaldi eta ez hain urrun. Eta okerrena da egun, gugandik gertu, gero eta gehiago direla gau oskarbietan behe-lainoa sortu nahian ari direnak.