Duela bi-hiru edizio, Berlingo zinemaldiko epaimahaiaren saria François Ozon zuzendariaren film batek lortu zuen. Grâce à Dieu zuen izenburu. «Jainkoari esker!» esango genuke guk. Lyonen ezkondu eta familiarekin bizi den gizon batek kasualitatez jakiten du gaztetxo zela abusupean hartu zuen elizgizonak oraindik ere gaztetxoekin lanean segitzen duela...
Zuzendariak izenburua nondik nora hautatu zuen jakiteak mugitu dizkit erraiak. Bernard Preynat elizgizonak buruturiko abusuei buruz ari ziren gotzainen bilera batean. Lyongo artzapezpiku zen Philippe Barbarinek han bota zuen, 2016an, filmaren izenburu bihurtuko zen esaldia. Ordura arte entzungor eta ez ikusiarena egin arren ebidentzien aurrean zerbait esan behar, eta honakoa egin zuen oka: «Preynaten delitu gehien-gehienak preskribatuta daude... Jainkoari esker!».
Orain, Jainkoari esker baino gehiago komisio baten lana medio, Frantziako Elizaren jiran azken 70 urtean 330.000 abusu kasu izan direla atera da argitara. Zifrak beti dira hotz alboan deus ipini ezean. 330.000 dira —milaka gutxi batzuk gora edo behera— Hego Euskal Herrian COVIDaren izurrian kutsatu direnak. Badakit denboraz eta biztanlegoz kasu desberdinak direla. Baina beste horri ere izurri deitzeko adina ematen du konparaketak.

HITZ ETZANAK
Izurriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu