Gure gurasoen belaunaldiaren ezaugarrietako bat izan da. Harrigarri gertatzen zitzaidan aita-amek etxetik kanpora otordu bereziren bat zutenean, etxera itzulita zeinen xehe ematen ziguten jan-edanen berri. Sarrerakotzat honako eta halako eta bestelako atera dizkigute; gero, beste halako; ondoren zera... eta postretzat beste hau eta hura. Guri, umetan goserik pasatu gabeoi, gehiegizkoa iruditzen zitzaigun menuari eskaintzen zioten garrantzia.
Baina bazen xehetasun gehiegizko hura ulertzeko gako bat. Gerra garaian jaioak eta gerra ostean haziak, gosea garunean sartua zeramaten bizitza osorako. Ospatu egiten zuten joritasuna; eskertu, aukera aniztasuna. Mitikoa da pentsionistak bidaiatzen hasi zirenean hoteletako buffetetan platerak tontortzeko zuten joera.
Bi belaunaldi joan dira, aldatu da biziera, eta bestelakoak dira sortzen diren arazoak. Haur askok bazkaltzen du ikastetxeko jangelan. Catering-enpresen esku geratzen da askotan otordua. Eta, itxura denez, haurren plateretara ez da beti janari osasungarria heltzen. Gurasoak, protestan, kalera irten dira Hernanin. Aitona-amonen esku utziko nuke nik afera. Haientzat sakratuen bi gauza baitira: janaria eta bilobak. Makulukadaren bat hartuko luke enpresa arduradunen batek...

HITZ ETZANAK
Janaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu