Albisteak zer eragiten duen zehaztea zaila da. Donostiako suhiltzaileen buruak bere lanpostua utzi du lankide baten salaketaren ondorioz. Honek jakitera eman zuen, bere postuaz eta lanbideaz baliatuz, suhiltzaileen burua Anoeta estadiora sartu zela semea lagun zuela, suhiltzaile arropak soinean biek, nahiz semea suhiltzaile ez izan. Fermin Muguruzaren kontzertua entzutea zuten helburu. Lankideak, bitartean, pertsonal eta baliabide urriekin Urnietan sute bat menpean hartu nahian omen zebiltzan, eta horrek sortu zuen nonbait ezinegona eta salatu beharra. Burutazio xelebrea suhiltzailearena… Bonberoak baditu milaka aurpegi.
Begi bistakoa da, mundu zabalean bezala hemen, jendeak kontzertu handietarako duen joera gero eta erraldoiagoa. Batzuek ulertuko dute; besteek, nekezago.
Niri, gai honi loturiko beste zerbaitek ematen dit atentzioa. Joera zabaldu omen da jendartean —ingelesez izena ere jarriko zioten dagoeneko— kontzertu horietarako sarrera salmenta zabaltzen duten garaian eginahalak egin eta sarrera lortu ondoren, kontzertura ez joatekoa. Askori plazer handiagoa ematen omen dio sarrera lortzeak kontzertura joateak baino. Lortzeak, eta lortu duela han eta hemen kontatzeak, jakina! Lortu, eta lortu duela kontatu, gero joango ez bada ere. Niri ez zait buruan sartzen. Ulergarriagoa iruditzen zait suhiltzailearen ahuldade unea…