Egin izan dut aproba eta beti funtzionatzen du mahai-jiran. Berriketaldia hil-antxa badago eta eztabaida pizte aldera, galdera bat botatzen dut eta erantzuna eskatu mahaikideei. «Txirritak bere bertso bat hala hasi zuen: (Kantuan) 'Bi makulu zahar esku banatan'...Zenbat makulu dira bi zahar esku banatako horiek?». Batzuek bi direla erantzuten dute eta beste batzuek lau. «Birekin ibiliko zen. Ez zen lau makulurekin ibiliko!», botatzen dute batzuek. «Birekin ibiliko zen, jakina, baina esan, laurekin dabilela esaten du!», erantzungo diote besteek. Eta nekez etorriko dira bat.
EHUko ikastaroetan, Konstituzioan pentsioen kutxaren eskuduntza Madrili dagokiola frogatzeko, Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak 1,17 puntua irakurri omen zuen: «Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta ekonomia erregimena». Jon Aiartza jeltzaleak erantzun omen zion:«Pena da Danborenea jauna koman geratu izana. Geldialdi txiki bat egiteko da koma, ez da puntu bat». Eta artikulua nola amaitzen den irakurri zuen: «...erkidego autonomoek alor honetan duten esku hartzea salbu». Azti ibili zen Jon Fernandez kazetaria gakoa harrapatzean.
«Bi makulu zahar, esku banatan» horrela idatzita bi dira. Komarik gabe, lau. Kantuan, ordea, askoz ere zailagoa da bereizten...

HITZ ETZANAK
Kakotxa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu