Adinekoak makuluari nola, hala heltzen dio umeak ere, idazlan bati amaiera eman behar dionean, ametsari. Ametsa oso da erabilgarria. Kontatu nahi duzuna, asmatu pasadizo harrigarriak, apurtu logika… eta bukaeran, dena ametsa izan dela argitu. Ez da izango umetan ipuin bat gisa horretara ebatzi ez duenik.
Gerora ere ez da euskarri txarra ametsa. Baina onar dezagun maiztua dagoela oso. Topiko bihurtu dugu, topaleku errazegi. Desio, nahi, helburu… amets mailara aisa igotzen ditugu. Eta oro amets bada, deus ez da amets. Irakurri ahal izango diozu etxeko bainugela konpontzen ari den bikote bati euren ametsa dela bainugela dotore gera dadin, edo futbol jokalariari, hamalaugarren jardunaldian, euren ametsa dela igandean Valladolidi irabaztea.
Atzo, berripaper honen lehen orrialdean, hitz bat —lehen aldiz euskaraz nire begien radarrean— ametsari zinezko esanahia itzultzen diona. Athleticen Europa Ligako joaneko partidari buruzko titularra: «Finala, ametsetik kimerara». Bi hitz egoki erabiliak. Europa Ligako finalerdiak ziren. Finala San Mamesen da. Eta aurkaria Manchester United zen. Hori bai, bazen ametsa. Ez zen hamalaugarren jardunaldiko Valladolid. Eta ametsaz harago, kimera. Lor daitekeela dirudien baina lor ez daitekeen zerbait. Greziar mitologian, herensuge isatsa, ahuntz sabela eta lehoi burua duen pertsonaia.