Batxiler garaian, ez genuen axaletik baino ikasi. Definizioa eta bi hiru adibide. «Kopa bat Jerez» zen adibide klasikoa. Zatia osotasunaren partez edo osotasuna zatiaren lekuan. Hots, Jerez esatea aski zen Jerezen egiten den ardo oro aipatzeko. Metonimia zuen izena artefaktuak, eta ez ziguten kontatu zertarako balio zuen. Ondorioz, ez genion jaramonik egin eta azterketa egunean esku-ahurra izaten genuen jakintza bide.
Gerora jabetu ginen sorkuntzarako ezinbesteko elementua zela «metonimia» zelako hura. Ezaugarri bakar batekin osotasuna adierazi ahal izatearena gaitasun bat zen mundu modernoan gero eta garrantzitsuagoa. Marrazkilaririk txarrenak ere badaki Getaria ongi marrazten herria arratoiaren siluetara murrizten badu; Gasteiz panpina bat da aterki batetik zintzilik; zapi gorria Sanferminak... Logoek, markek, emotikonoek horixe dute sorburu: osotasuna zatitxo baten bidez adierazi ahal izatea.
Donostia Zinemaldiak sari gisan ematen dituen urrezko eta zilarrezko maskorrek —Donostia maskorra baita metonimikoki— diseinu aldaketa izango dute aurten. Lehengoak errealistegiak ziren, maskorregiak. Estilizatuagoak eta modernoagoak dira orain. Izango da berriaren aurka egingo duenik, hori ez dela maskor bat eta horrelakoak esanez...

HITZ ETZANAK
Kopa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu