Urte hasierako asmo onen zerrendan gehiago ikastea sartu badugu, derrigor aitortu beharko dugu zordun gatzaizkiola Espainiako poliziaren bati. Ez dakit bakarra den edo bat baino gehiagoren kontua, baina askok onartu beharko dugu haiei esker ikasi genuela gerrikoa alemanieraz gürtel esaten dela. Eta Lezoko Blas itsasgizonaren ibiliak ere haiei esker jakin edo berritu genituen.
Lan polit eta tentagarriagorik polizia operazioei izena asmatzea baino! Ez da dirudien bezain erraza. Izan behar du loturaren bat izenak izanarekin, baina ez bistakoegia operazioa kaltetua izan ez dadin. Koperniko izendatu zuten duela hiru hilabete pasatxotik Katalunia menperatua eduki nahian abian ipini zutena, guri, asmo zerrendan ikastea sartu dugunoi, beste aukera bat eskainiz.
Mihi bihurrienek diote Espainian kataluniarrei polaco deitzen dietelako izendatu zutela operazioa Koperniko, hau poloniartzat hartuz, nahiz eta bizi izan zen garaian Prusia izan lurralde hura. Nik diot espainiar polizia askoz ere azkarragoa dela, ez zutela horrelako hanka sartzerik egingo eta teoria heliozentrikoari men eginez jarri ziotela izena, ardatzak eta mugimenduak aintzat hartuz eta disimuloan eguzki bakarra Espainia dela iradokiz. Tira... akaso ez.

HITZ ETZANAK
Koperniko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu