andoni egana

Koplak

2025eko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizon arrunta zen Pedro Sánchez alderdi barneko hauteskundeak irabaz zitzakeela sinetsita, auto bat eta bi-hiru laguntzaile hartu, eta Espainian zehar boto bila ibili zen garai hartan. Joan zen ostegunean, ordea, Espainiako presidentea zen. Jendaurrera atera behar izan zuen bere kideek egindako barrabaskerien azalpenak ematera. Barkamena eskatu zuen behin eta berriz. Betiko koplak. Ia hobe zukeen Xabier Letek gizon arruntari jarritako haiek kantatu izan balitu…

«Ez naiz ni gizon txarra baina zer arraio, Fidel Castro izateko ez bainintzan jaio» esatean guztiok barkatuko geniokeen diskurtso labur bat; «gaurko eguna ere bota dugu bada, gizon okupatua gauza ederra da» bota izan balu, errukia ere piztuko zukeen gugan; «aurrian papera ta atzian papera» kantatzean etsipen keinu bat egin beharko zukeen, lagunen diru-billete ugariek ze buruhauste ekarri dioten uler genezan; «ni lana egina naiz semiak hazteko, haiek eskola ona xuxen ikasteko, ikasi eta gero lanian hasteko, ez ditezela izan bazterrak nahasteko» ahapeka kantatu beharko zukeen, emaitzak ikusita…

Eta herritarron ezuste eta atseginerako, agerraldiaren uneren batean María Txibite Nafarroako presidenteak lagundu beharko ziokeen kantuan, Santos Cerdanen jatorria aintzat hartu, eta Leteren letra amini bat aldatuz: «Milagron hasten baita Belateko malda».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.