andoni egana

Larrialdia

2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaltzaleen artean —sakelakora jotzea debekaturik— eztabaida pizteko moduko galdera: «Nor zen zaharragoa, Joxe Miel Barandiaran ala Lizardi?». Ez dakit jendeak zer erantzungo lukeen. Irudikatzen dut pertsona bat, galderari tranpa kutsua hartu eta bere baitarako kalkulua egiten. «Barandiaran oso zahartua hil zen. Oso gazterik Lizardi. Baten irudia zahar batena da; gaztearena bestea. Horrekin despistatu nahi izan gaitu galderagileak. Gauzak ez dira diruditenak». Eta ahotsa altxatuz, bere epaia emango du: «Lizardi zaharragoa!».

Lizardi 1933an hil zen. Eusko Pizkundea ezagutu eta eragiteko astia izan zuen; izan zuen astia euskaraz goi mailako liburuak idaztekoa; euskal prentsaren lehen urratsetan partaide izan zen; amestu zuen etorkizuneko Euskal Herri euskalduna. 1991n hil zen Joxe Miel Barandiaran. Lizardik ezagutu zituenez gain, ezagutu zuen ikastolen mugimendua; Euskararen Legea ezagutu zuen; EITBren sorrera ere bai; baita ikastetxeetako D eredua ere; ezagutu zuen Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera...

Gauzak, askotan, diruditen huraxe dira. Zaharragoa, sei-zazpi urtez, Joxe Miel Barandiaran zen. Atzoko argazkietan ikusi ahal izan genuen Ataungo alkatea —UEMAko presidentea— Lizardiren irudiaren aurrean, batak eta besteak eraiki zutena larrialdian dagoela salatuz. Gauzak, askotan, diruditen huraxe baitira.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.