Gaurko gazteek ez dute iraganarekiko inongo begirunerik; etorkizunerako inongo esperantzarik ere ez».
Inor gutxi izango da bere lanbidean ari dela lehengoa beti hobea-ren gaitzak jotakoren batek mareatu ez duenik. «Zuek? Lehengoak bai, lehengoak!» mespretxuzkoa entzungo zenuen gazte zinela. Min emango zizun, baina isildu egingo zinen. Urte batzuk bizitzea beste meriturik egin gabe, orain belarri ertzera honako hau iritsiko zaizu: «Oraingo gazteak? Zuek bai, zuek, lehengoak!». Jasangaitz gertatzen zaizkit zoriona bere zorionetik, sasoia bere sasoitik eta on-txarrak bere on-txarretik neurtzen aritzen diren horiek. Aldi berean, onartu behar dut zahartu ondoren gazteak losintxa handiegiz tratatzen dituztenek ere errezeloa sortzen didatela. Baina bi bekatuetan bat egitekotan, bigarrena eginda nahiago.
Urruzuno sarien irabazleek egindako bilkura batean parte hartzeko zoria izan berri dut. Hamabost urtetik hemeretzira bitarteko gazteak. Munduarekin adiskidetuta itzuli nintzen. Grina eta ahala sumatu nituen. Talentu pilaketa handia. Ez gara beti erretxinduta arituko. Den-dena ez da gaizki egiten nonbait. Osasuna eta gazteak askoren ahotan dabiltzan honetan, azal dezadan zutabeko lehen esaldia Hipokratesena dela. Aspalditik dator joera…

HITZ ETZANAK
Lehengoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu