andoni egana

Lerro bat

2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nik idatzi ohi dudan neurrietan, lerro bat 80 karaktere dira. Pantailan, hogeiren bat zentimetro. Demagun, duela sei urte eta erdi zutabe hau idazten hasi nintzenetik, lerro bat gutxiago idaztea erabaki nuela aldiro eta zuzendaritzak bere ametoa eman zidala. 1.800 zutabe inguru, bakoitzak lerro bat gutxiago eta lerroko hogei zentimetro... 360 metro orotara. Horixe litzateke egunero lerro bakar bat gutxiago idatziz aurreztuko nukeen distantzia.

Ez dirudi inor harritzeko modukoa. 360 metro. Atletismoko olinpiar pista bati jira oso bat emateko adina ere ez. Hutsa. Kulturan ez du merezi deus aurrezten hasterik...

Kalkulu txatxu horiek eginez ekin diot urteari, reduflazio hitza deskubritu berritan. «Reduflazio» deitzen zaio nonbait, hainbat supermerkatu eta gainerakotan burutzen hasiak diren jardunbide bati. Patata frijitu zorroan patata gutxi batzuk gutxiago; botilan, milimetro batzuk gutxiago; litxarreria poltsan ale bat edo bi gutxiago... Eta prezioak lehenean edo gorago. Iruzurra. Horrela egiten da dirua. American Airlines aspaldi jabetu zen otordu bakoitzetik oliba bana kenduz gero milaka dolar aurrezten zituela urtean. Frantziak eman omen ditu lehen lege-urratsak horrelakoen aurka. Guk, lerro guztiak idazten segitu beharko dugu...  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.