Ernegatu egin nintzen jakin nuenean. DBHko ikasleei hiruhilabeteko hartan zer irakurri behar zuten agindu zien irakasleak: liburu bat lodia, bestea ertaina eta hirugarren bat, mehea. Irakurzaletasuna pizteko modurik onena ez zen... Gerora jabetu naiz askorentzat datzala sekretua liburuen edo testuen lodieran. Adin batetik aurrerakoentzat behintzat, idazketa eta irakurketa oso berezkoa ez duen jendearenzat, lodiera handiko liburuak sortzen du errespetu bat, meheak sortzen ez duena.
Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak,AHTaren proiektua defendatu du beste behin ere. Europako Kontu Auzitegiak abiadura handiko trenari buruz egindako txostena aipatu diotenean aho-bizarrik gabe eman du bere iritzia. Argi lerratu da. «Hamar lerro daude gainkostuari buruz...». «Hamabi lerrotan baizik ez du kritika egiten, eta Europan dirua erabiltzen den moduari buruz. Egia osoak esan behar dira. AHTa oso ekologikoa dela ere esaten du, eta onura handikoa sozialki».
Hamar lerro, hamabi lerro... Hamabost lerro doi-doi izaten da nire eguneroko zutabe hau. Norbaiten karguaren izena luzeegia denean hamalau baino ez zaizkit geratzen. Eta zerbait eragiten ez badut ez da lerro gutxi direlako, neu txarra naizelako baizik.

HITZ ETZANAK
Lerroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu