andoni egana

Liburu-herri

2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aspaldi joan ginen. 1997ko maiatzean. Xenpelar Dokumentazio Zentroa abian genuela baziren bost-sei urte, eta aurrerapausoak eman nahi genituen. Jakin genuen Joaquín Diaz kantautore eta etnografian adituak fundazio baten bidez literatura eta musika herrikoiaren biltegi bat antolatu zuela, eta berarengana jo genuen. Urueña izena zuen herriak. Valladolidetik laurogei bat kilometrora zegoen. La ciudad del libro deitzen zioten herri koxkor polit hari. Taberna baino liburu-denda gehiago zituen herria! Museoak ere, txikiak, baina lau-bost. Ez dakit gure dokumentazio zentrorako zenbaterainoko ideiekin itzuli ginen. Herria, betirako iltzatu zitzaigun gogoan.

Orain, Urueña oso ezagun bihurtu da, batik bat Espainian. Carmen Mola pseudonimopean aritzen diren Jorge Diaz, Agustin Martinez eta Antonio Mercero idazleek Urueña sartu dute euren liburuetako baten kokaleku. Hiruretako batek kasualitatez ezagutu omen zuen herria, gustatu, eta eleberrian aurkeztu. Carmen Mola delakoak ze literatura mota egiten duen ikusita, laster da Urueña derrigor literaturazale ez diren egunpasa zaleen autobuskadaz betea. Eta tristura sentitzen duzu erraietan, «guk lehenago ezagutu genuen!» oihu egiteko gogoa, gordelekuak ere erakusleihoegi bihurtu diren honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.