andoni egana

Liburuak

2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez nekien bazenik. Bazirela, bai. Atzoko berripaper honen azken orrialdean irakur zitekeen Doinueleren berri. Edukiak euskara hutsean dituzten liburu eta disko azokak antolatzen dituztenek osatu dute sarea. Baztan, Azkoitia, Zarautz, Hernani, Sara, Galdakao, Lazkao eta Ziburu biltzen ditu oraingoz. Ladix Arrosagarairen hitzetan suma zitezkeen nazio ikuspegia, hizkuntzarekiko zein kulturarekiko kezka eta sentiberatasuna, sortzaileak sostengatu nahia, liburuarekiko begirunea...

Txanponaren ifrentzuan, Zaragozako alkatearen hitzak. Aitortu behar dut txisterik gehienek baino grazia handiagoa eragin zidala bere baldarkeriak. Errege Magoak iritsi berri ziren, eta mikrofonoa luzatu zioten agintariari. Bere desioa argi azaldu zuen: «Nik nahi nukeena da ume orok izan dezala bere oparia, liburu bat, puzzle bat, edo ipuin bat baldin bada ere».

Zazpi-zortzi urte nituela oparitu zidaten gaztelerazko liburu bat, Edmundo de Amicisen Corazón. Esango nuke hari esker finkatu eta aberastu nuela nire gaztelera. Orain, aldi berean naiz gai lehen ahapaldikoek sustatzen dituzten liburu eta diskoez gozatu eta osatu, eta bigarrenekoaren kirtenkeriaz barre egiteko. Puzzlezalea naiz, gainera, eta badakit piezaren batzuk burua eskuinetara etzana izaten dutela...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.