Izan izango da, baina ez dut inor ezagutzen estreinakoz bere ahotsa grabaturik entzun ondoren lotsatu ez denik. Ez zaio iruditzen bera denik. «Hori ni al naiz?», galdera sortzen da lehenik; «ni hori al naiz?» bihurriagoa gero. Hastapenetan, autopertzepzioa eta lotsa elkarri eskua emanda ibiltzen dira usu. Guk etxera iritsitako lehen irrati-kasetearen grabagailuarekin bizi izaten genuen deskubrimendu lazgarria. Gauzak asko aldatu dira denboraren joanean.
Izaro Andresek disko berria egin du, eta aurkezpenean kontatu dituenak interesgarriak iruditu zaizkit. Arrakasta; gainesposizioa; tristura; zalantzak... Autopertzepzioa dantzan. Eta erabaki bat: «urtebete sabatiko-mediatikoa» hartzea, prentsarengandik urruti, kontzerturik gabe, eta sare sozialak gutxi erabiliz. Eman dio buelta. Eta bueltan da.
Sare sozialak heldu zirenetik, ahotsarekiko haur-lotsa hura erabat ezkutatu da. Orain, ahotsa hatz da askotan, eta hatz horiek, gainera, ez dute hatz-markarik uzten. Gainera, sinetsarazi digute, sare sozialetan ibili egin behar dela derrigor, nor izan izan nahi badugu. Eta alderantzizko kasuak bizitzen ari gara askotan. Nor izatekotan sareetatik ihes egin beharra. Loa, galaraztekotan, galarazi diezagutela pertsonek, eta ez anonimoek.