Ordenagailuak iritsi arte, luma eskuan duela irudikatu izan dugu idazlea, gidoilaria, zinema-zuzendaria... eta baita aktorea ere, gidoi-liburuxkan zuzenketak egin, esaldiak azpimarratu edo oharrak idazten. Lumak buruan zituela ekin omen zion umetan bere aktore ibilbideari José Sacristánek. Oilo bati erauzi, eta amonaren aurrean azaltzen zen figura harekin. Amonak izutu plantak egiten zituen. «Ai, ama, ai ama! Indio bat!». Eta umeak, asebeterik, pentsatzen omen zuen: «Sinetsi egin du».
Hirurogei urte eman ditu sinetsarazte jolas horretan. Astelehenean Sari Nazionala eman zioten ordainetan. Espainiako Kultura eta Kiroletarako ministro den Miquel Icetaren eskutik jaso zuen. Hitz larriak bereak: «Zure bizibideari diozun begirune sakonak eta ibilbidean azaldu duzun etika hautsezinak, gizarte honek izan behar lukeenaren ispilu bihurtu zaituzte». Xumetik erantzun zuen aktoreak: «Nik, nire ibilbidean, denborarik gehiena eman dut hilaren bukaerara nola arraio iritsi pentsatuz».
Mundua batekoz bestera. Politikari profesionalak dira eskuetan oso noizbehinka eta buruan maiz lumak darabiltzatenak. Hala azaltzen dira hautesleen aurrean. Eta emaitzak izugarri txarrak ez badira behintzat, asebeterik aterako dute ondorioa: «Sinetsi egin dute».

HITZ ETZANAK
Lumak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu