Sartu sartuko dira, baina kostata. Hitz batzuei nekez zabaltzen diegu euskararen atea. Duela mende erdi herritar xehearentzat aski arrotz ziren adin txikiko, atxilo eraman, oldarraldi eta gisa horretako hitzei eta esamoldeei aisa ireki diegu. Geure onerako. Beti gure mihietan egon direla dirudi orain, baina ez da hala. Beste hitz batzuei ordea… Hernanin San Joan goizaldera gertaturiko berrien harira —zehatz-mehatz zer gertatu zen jakin gabe, eta ondorioz inolako baloraziorik egiteko ezgauza—, jabetu naiz oso gutxitan azaldu dela lintxatu hitza. Aterik zabaldu nahi ezta gabiltzala dirudi...
Ez dago argi nondik datorren hitz lazgarria. Lynch deituratik bai. Baina batzuek diote James Lynch deituriko irlandar alkate batek bere seme gaizkilea urkatu zuela, epaiketarik egin gabe, bisitari espainiar bat erail zuelako. Beste batzuek diote aditza Charles Lynch epaileari zor zaiola. AEBetako Virginian, inolako epaiketaren premiarik gabe hilarazi zituelako gerra galdu zuten soldaduak.
Jipoitu, egurtu eta gainerakoek ez dute inoiz lintxatu-k adinako esanindarrik eta zehaztasunik izango. Lintxamendua gertatzen da jende multzo handi eta oso haserre batek justizia bere esku hartzea erabakitzen duenean. Gure hiztegian sarrerarik ez badu, izan dadila gertatzen ez delako, ez hitz batzuei sarrera propio galarazten diegulako.