andoni egana

Makila

2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

Ikastolan ikasi genuen Eskualdun makila kantua. Gustuko genuen. «Tralarala, la la...» bat bazuen aske kantatzea ahalbidetzen ziguna eta hitzek ere atentzioa ematen zieten gure haur-belarriei. Mizpirondo, harekilan, eskualdun, makila... berri zitzaizkigun eta ez arrotz.

Gerora, eskualdun makila hartaz, euskal literaturak eman dituen pasarte eder horietako baten berri izan nuen, 1905ekoa, Hiriart-Urrutirena. Garai hartan, makila erabiltzea debekatu egin zuten nonbait, Bidarraitik Santa Garaziraino zehazki. Idazlea ez zetorren bat: «Makila du euskaldunak bideari lotzeko bere laguna. Apaindura bat ere zaio euskaldunari bere makila. Atorra bapo, mahunga xuri, zamarra sorbalda ezkerretik dilindan, esku eskuinaz makila lurrari deratxikola, ez da nehoren beldur, ez ahalge, euskalduna. Makilarik gabe jalgi euskalduna bere etxetik urrun? Iduri lakioke buluzirik doala. Hogoitabortzek nahiago lukete boneta eta oskiak etxean utzita joan, buru has, untuts, ezen ez makilarik gabe».

Lehendakaria hautatzea tokatzen da orain erkidegoan. Mizpirondoak emandako makila bat jarriko diote eskuetan, aginte-ikur. Nahiago nuke kargua hartzean Eskualdun makila kantatuko balu! Ez da gertatuko. Makilek errazago apurtzen dituzte mugak pertsonek baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.