Herriaren kanpoaldean zegoen baina herrigunetik aski hurbil. Oinezkoentzako bidexka zen. Hirurogeita hamar bat metroko luzera eta metro pare bateko zabalera. Horma handiak bi aldeetara. Malda. Minutu eskas baino ez zen behar bidexka burutzeko, baina tokiaren bereziak minutu bitxi bihurtzen zuen minutu hura, batik bat ilundu ondoren, argiztapena ere urria baitzuen oso. Lapur-bide deitzen zioten gurasoek, eta berdin guk. Logika bete-betea zuen gure ume iruditerian. Lapurrik inon azaltzekotan han behar zuen azaldu...
Noizbait jakin genuen lapur-bide deitzen genion haren berezko izena labur-bide zela. Izen horrek are logika handiagoa zuen, bidexka hark horretarakoxe balio baitzuen: batetik besterako bidea laburragoa egiteko. Eta gero ohartu ginen herritarren hizkuntza senak ez zuela hutsegite handiegirik egin. Azken batean, labur-bide ugari ez al da lapur-bide? Atajuaren jendartean bizi gara. Eginari ekina eransten diogu sakelak ahalik eta bizkorren betetze aldera.
Burutu berri dute gure herriko mapa morea. Hirigintzari ere betaurreko morez begiratzeko garaia da. Etorkizunean, labur-bideen mapa ere egin behar litzateke. Banketxeak? Apartamentu turistikoak? Mailegatzaile bihozgabeak? Zer sartu beharko genuke labur-bideen mapan?

HITZ ETZANAK
Mapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu