Baditut esaera zahar kuttunak. «Inoren zer esangoak geratzen ditu zangoak», esaterako, ederra iruditzen zait, besteren esanak gure jarduera zenbateraino mugatzen duen adierazteko; edo «ardi galdua atzeman daiteke, aldi galdua ez», beti lana hobetsi beharrik ez dagoela azaltzeko...
Gustuko dut «mina non, mihia han» ere. Egia delako. Haginetako mina burutik kentzea lortu duzun unean mihiak ekarriko dizu gogora, egoskor, non duzun zauria. Eragin eremua zabalduz, aurtengo Eguberriekin antzeko zerbait gertatzen ari da. Badira pare bat hilabete Eguberriak eta Eguberriak baino aipatzen ez direla. Argi geratu zen ezingo ditugula betiko erara ospatu. Konforme. Jakinaren gainean gaude. Mina—nork berea, batzuk handiagoa, txikiagoa besteek— onartua geneukanean, mihiek ez dute gogora ekarri besterik egiten. Agintarien, hedabideen, saltzaileen... mihiek ez diote besterik joan den aspaldian. Aurtengoak izango dira inoiz izan diren Eguberririk aipatuenak.
Fosilei begi bi edo irribarre bat margotzeak berebiziko grazia sor dezake. Esaera zaharrak fosilak dira, mendeetan berdin-berdin iraun dutenak. Margo diezaiogun honi irribarretxo bat, hitzen hurrenkera aldatuz. Esaera berria «Mihia non, mina han» litzateke. Zenbait agintari baldarri pare-parera letorkioke...