andoni egana

Motozerra

2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Edozein berriketalditan, gaia edozein dela ere –Israel eta Palestina, ekonomia krisia, autonomia eskumenak, preso politikoak, lapurreten gorakada...–, «nik hau aitaren batean konponduko nikek» esaten duenari adi jartzen natzaio beti. Entzutekoak izaten dira haren esanak, umorez hartzeko hobeak serio hartzekoak baino. Populistaren definizioa: ertz asko dituen arazoari erantzun borobilegia ematen dakiena.

Horrelakoak kalean, tabernan edo futbol zelaietan aurkitzen zenituen lehen. Aginte karguetan ezagutu ditugu gerora. Jesus Gil y Gil, Kantabriako presidentea, Bolsonaro, Donald Trump... Kalean, blagan eta marmarrean, grazia egiten zutenak desgrazia bihurtzen dira gehienean agintera iristean. Eta orain Javier Milei argentinarren presidente!

Motozerra batekin azaldu izan da hauteskunde kanpainako mitinetara; pribatizazioen alde dago; gure lehen ondasuna gure gorputza dela aitortzen du, baina abortatzeko eskubidearen kontra dago; klima aldaketarekiko negazionista da; garrantzia kentzen die diktadura garaiko tortura, erailketa eta desagerketei; orain lau txakur ditu, baina lehen bat bazuen –Conan–, orain zendua. Hark argitzen omen dio bidea ilunaldietan. Puf! Datuon bilketa eginda, hemen ere ez lebilke arrakastatik urruti.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.