«Betirako bizitzeko, inoiz ez hiltzeko aukera sortu zaizu...», jarri zidaten gaitzat joan zen asteazkenean bertsotan egin nezan. Nola edo hala zerbait erantzun nuen. Oso nola edo hala. Ezina izaten da galderarik zorrotzenen pizgarri, eta denboraz hartu nahi izan dut, bat-batean erantzun behar izan nuen galdera.
Ez zidaten eternitateaz galdetu. Ez nuen eternitateaz erantzun. Ez zen erlijioaren aztarnarik galderan. Edo nik behintzat ez nion sumatu. Zientzialarien jardunaldi batzuetan ari ginen bertsotan, eta betiereko bizitzaz ari ziren, baina hemengoaz, ez beste mundukoaz. Betirako bizitzeko aukera emango balizute, zer egingo zenuke, onartu ala gaitzetsi?
Ortega y Gasset espainiar filosofoak duela mende bete idatzi zuenarekin bat nator: «Giza bizitza jasanezina litzateke amaierarik ez balu. Laburtasunak ematen dio zentzua. Laburtasunak trinkotzen du». Ni beti, eta dena, gerorako uzten arituko nintzateke bizitza betirako dela jakingo banu. Hobe hasiera eta amaiera izatea. Halere, tentazioa Charles Chaplinek sortu dit: «Bizitzan ez da deus betirakorik. Ezta gure arazoak ere!». Ezin dut ukatu, nire/gure arazo askaezin diruditen hauek nola konpontzen diren gustura ikusiko nukeela, horren ordainetan betirako bizirik behar banu ere.

HITZ ETZANAK
Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu