andoni egana

Ohitu

2025eko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan zen larunbatez, iluntzean, oso trumoitua aurkitu nuen hain berea zuen mostradoreko izkina hartan. Ohiko diosalari ere nekez erantzun zion eta haserrearen arrazoia jakiten ahalegindu nintzen. Bukatu berri zen pilota partidak atera zuen bere onetik nonbait. Tokitatik abiatu zen azalpenak emanez: «Badakik mutikotan zer esaten zidan nire nagusiak lan bat egiten ari ginela? Ia-ia ondo zegoenean uzteko. Ondo-ondoren bila hasten bahaiz, gehienetan okerragorako izaten duk». 

Ohitu zela frontoiak kolorez pintatuak ikustera, esan zidan; ohitu zela pilotariak zuriz jantzita ez ikustera; ohitu angelusik ezera… Eta bizitzan beste mila kontutara ere ohitu zela. Ume adina txakur ikustera pasieran; gizonezko bat beste gizonezko bati musu ematen sumatzera; hormatik dirua ateratzera; biribilguneetara; medikuak telefonoz atenditzera; musukora, bolada batean; telefonoa sakelan eramatera; beira eta kristala bereiztera… Baina esku-pilota partidetan kontaduria modu xelebre horretara ez zela sekula ohituko. «Ze arraio! Hamar eta hamar eta…», ekin zion marmarrean. 

Erretolika etete aldera, lasai hartzeko esan nion. Gainerako aldaketa guztietara ohitu bazen ohituko zela horretara ere, denbora kontua zela. Irribarre etsia egin zidan. «Horixe duk ba, orain falta zaidana. Denbora! Kontrarioa hogeita batera iritsita zeukaat aspaldian!».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.