Gertatu izan zait ikastetxeren batera joan, eta hitzaldi edo dena delakoaren ondoren umeren batek galdetzea: «Zuk Lazkao Txiki ezagutu zenuen?». Baietz erantzuten diet. Izan nuela aukera berekin aritzekoa. Umezalea zela oso, eta txistosoa. Hurrengo galderak utzi izan nau harriturik: «Pernando Amezketarrarekin ere arituko zinen orduan?». Une horretan jabetzen zara ongi kontaturiko istorioek —garai batean ETBren eskutik heldu zitzaizkigun marrazki bizidunen haiek, esaterako— arrastoa uzten dutela, eta gai direla berrehun urteko tartea ere gainditzeko.
Ombuaren itzala filma burutzen ari dira Eguzki Art Zinema ekoiztetxean, finantzaketa auzolanean lortuz. Pello Mari Otaño ahanzturatik ateratzea dute helburu. Merezi du. Orain ia ehun urte, jeltzaleek herri honentzat kultur proiektu bat izan zuten garaian, literatura jasorako Orixe-ri enkargatu zioten poema epiko bat, eta Basarri bertsolari gazteari literatura herrikoirako plazaz plazako jarduna. Gerra heldu zen handik gutxira. Baina bi enkarguak bete zituzten. Eta literatura jasoak eta herrikoiak erreferente bera aitortu zuten: Pello Mari Otaño.
Seinale ona litzateke hemendik hogei-hogeita hamar urtera umeren batek Oihana Iguarani galdetzea: «Zu Pello Mari Otañorekin aritu zinen?».

HITZ ETZANAK
Ombua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu