Kontalari ona gauza ederra da. Baina nago, dena dela hizkuntza, urrituz joango dela. Hizkuntza dakiguntxoa jakitera emateko dela iruditzen zaigu egun, eta horretarako ere baliagarri den arren, juxtu kontrakoa lortzeko erabili izan da mendeetan zehar: ez genekiena ez genekiela dotore disimulatu ahal izateko.
Hizkuntzak dakiguna azaltzeko balio duela uste duenari egin galdera, esaterako, Cristiano Ronaldori buruz. Erantzungo dizu dakientxoa, lau arrasto eta zuk dakizkizun haiexek laurak: portugaldarra dela, gol asko sartzen dituela, harroputza dela eta Real Madrilen jokatzen duela. Lau datu horiek ere ez dakizkien adineko kontalari on bati Ronaldori buruz galdetuz gero, disimulatze aldera, kontatuko dizu ezagutzen duela, horrelakoxe terrajea zuen gazte bat etorri zela guardia zibil kuartelera 56ko neguan, sekulako elurtea izan zela negu hartan, bi metro bai lodi, urte hartan jaio zela lehengusuaren semerik zaharrena, Alemaniara joan zen hura, eta Alemaniatik etxera bueltan etortzen zenean beti ekartzen zuela opari musika-tresnaren bat, eta hark ekarritako bonbardinoarekin hasi zela Musika-Bandan zuen osaba eta...
«Omen», «nonbait» eta «agidanez» hiltzera doaz. Ez dago ezer kontatu beharrik, sakelakora iristen baita edozer. Lastima!

HITZ ETZANAK
Omen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu