Ez naiz sekula propio esnatu izan sanferminetako entzierroak ikustera. Baina ikusi, ikusten ditut, gehienean. Esnaerari bestelako marko bat eskaintzen diote. Loaldia xaretua ordurako, jaiki-ez jaiki zabiltzan une horretan, estimuluren bat behar izaten da. Eta «Kontxo! Sanferminetan gaude. Entzierroa!» izan daiteke, nire kasuan, ohiko kafeari eta ezinbesteko zigarroari astebetez eransten diedan estimulu txikia.
Atzo, aurtengo azken entzierroaren aurretik egiten dituzten iruzkin oparoen artean datu bat eskaini ziguten: parte hartzen duten emakumeen kopurua %6koa da. Ez zuten esatariek erantsi asko ala gutxi den, edo horrelakorik. Parte hartzera zihoazen emakume batzuen berotze ariketak enfokatu zituzten, besterik gabe. Hobe.
Igandez, berripaper honetan irakurriak bainituen Aingeru Epaltzaren hitzak. Duela ehun urte Felix Urabaienek sanferminen inguruan idatziriko liburua euskaratu du Auzo madarikatua izenburupean. Honakoa zioen, beste kontu batzuen artean, festan emakumeen parte hartzeari buruz: «eta segur aski gizonezkook elementu zentral bat gara gaur egun ere; entzierrotan ikus daiteke, adibidez. Entzierroetan neska gutxi ikusten dira; horrek zerbait adierazten du nesken alde. Zer nezesidade duzu hor egoteko? Emakumeen bizi itxaropena horregatik da gizonezkoena baino luzeagoa». Ostu zidan irribarre bat…