andoni egana

Prekaritatea

2024ko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Bazen esaera bat zioena inoren etxera gonbidatuta zoazenean atea hankaz jo behar dela. Alegia, eskuz jotzea edukazio txarrekoa dela. Horrelakoetan eskuetan zerbait eraman behar baita beti...

Orain, prekaritatea hitza azaltzen zaigu behin eta berriz, ia edonon. Soldata oso txikia duena prekaritatean bizi da: handixeagoa izan arren bihar-etzi ze etorkizun izango duen ez dakiena ere prekaritatean bizi da; prekario dabil hizkuntza gutxitu batean sortzeko lan-hautua egin duena ere; prekaritatea larruazalean bizi du gaur hemen eta bihar han aritu behar duenak; zer esanik ez lanik gabe dagoenak. Oraina mehe eta geroa kolokan. Hitza bera mintzo da askotan. Ez askia, eskasa, iheskorra, hauskorra, behin-behinekoa, mugatua, ziurgabea... dira prekario-ren izter-lehengusuak. Hitzaren jatorrira jota, latinez precarius deitzen zitzaion eskean eta erreguka jardun ondoren lortzen zen orori. Eta ordurako bazekiten eskean eta erreguka lortzen dena ez dela izaten asko eta ez dela izaten luzarorako.

Prekarioz beteriko gizarte bat osatu digute. Orain ia inork ezin du besteren etxeko atea hankaz jo. Eskuetan ez dugu deus eramateko. Jo genitzake ateak eskuz. Baina beti erreguka ezin denez jardun, eraginkorragoa izan daiteke ukabilez jotzen hastea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.