Honakoak dira datuak laburbildurik: Bilbotik Iruñera 56 minutuan. Bilbotik Donostiara 38an. Bilbotik Gasteizera 28 minutuan. Gasteiztik Donostiara 34 minutuan. Iruñera, berriz, ordu erdian. Iruñetik Donostiara ordubete eta bi minutuan...
Espainiako Sustapen Ministerioak hala ebatzi du (ia-ia ebatsi jarri nuen deskuidoz bezperako zutabeko «labur-bide» eta «lapur-bide» gogoan), Nafarroako korridorea eta euskal Y-a lotzeko ibilbidearen aurkezpen ekitaldian Iñigo de la Serna ministroak aditzera eman duenez. Ez noa aukerarik merkeena edo garestiena den epaitzera; ez eta ingurugiroan zenbaterainoko kalteak sor ditzakeen esatera ere; are gutxiago salgaiak errepideetatik ateratzeak trafikoa zenbat xaretuko lukeen aurreikustera. Ez dakit behar hainbat gai horiei buruz...
Presari buruz bai, ordea. «Egin daitekeena egin egin behar da»-ren munduan bizi gara. Eta atzoko gainera, ahal da eta. Mugitu. Ez gelditu. Ideia bat izan dut eta egin zuk. Imajinatzen dut pertsona bat ordenagailua magalean, itxura garrantzitsua delako goizean goiz gimnasioan ordubete sartu duena, tren berrian. Harro doa denborari hogei minutu lapurtu dizkiolako eta gainera lanerako baliatu duelako bidaia. Eginaraztea da bere lan egiteko modua.

HITZ ETZANAK
Presaka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu