Adi irakurri dut berri-paper honetan Amaia Arranz Ikerbasqueko ikerlariari Itsaso Jauregik egindako elkarrizketa. Alzheimerraren ingurukoa zen. Nik ere aisa ulertzeko moduko kontuak esaten zituen. Ikerketa bide berriak hartu dituztela; baliabide gehiago behar direla zahartzaroarekin zerikusia duten gaitzak ikertzeko, bizitza gero eta gehiago luzatzen denez, adinarekin loturiko gaixotasunek gero eta pertsona gehiago harrapatzen baitute...
Beste kontu batzuetara nekezago hel zitekeen nire ulermena. «Gaixotasunari buruzko informazio asko eman diguten saguekin lan egin dugu». Sagu batzuetan animalien neuronak injektatu omen zituzten, eta besteetan, gizakienak. Ikusi omen zuten giza neuronak bakarrik hiltzen zirela, giro horretan, alzheimerra modelatzen duten saguen burmuinetan. «Giza neuronak ahulagoak dira proteinen metaketa horren aurka». Puf! Ia Kant, niretzat.
Adina izango da, baina ohartu naiz gero eta miresmen handiagoa diedala laborategiko saguei. Eta gauza bera sentitzen dut liburutegiko saguei buruz ere. Liburutegiko saguei esker segituko dut liburuak irakurtzen, Wikipedian sartzen, ideia berriez jabetzen... Laborategiko saguei esker ulertu ahal izango dut irakurria zergatik ez den nire burmuinean gaztetan bezain erraz iltzatzen...
HITZ ETZANAK
Saguak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu