Gogoan dut Imanol Urbietak arbelean nola idatzi zigun. «Alaken! Alaken! Alapikulatunpaire, errespundelapikulatunpa, Jesus Maria Jainkoa zen». Behin idatziko zuen. Umeak, jolasean, aisa ikasten baitu. Gerora, entzun izan diot Kontxi Aizarnari Iratzederren testu batetik abiatuta burutu zuela Manolok zentzu zehatzik gabeko hitz-hotsen kantua. Guk, geuretzat geneukan, eta harritu ere egin ginen heldu ahala, Euskal Herriko haur gehienek eta haien gurasoek ere ikasi zutela konturatzean.
Eguberria Alaken da zenbaitentzat; beste zenbaitentzat izango da Jesus haurtxoaren jaiotza; Gabon-eskea beste batentzat; askorentzat da familia otordu eta bilkurak; Olentzero edo Errege Magoen opariak beste zenbaitentzat. Edo dena batera. Baina geuk eraikitako zerbait, egoerak hala agintzen duenean, geuk eraitsi behar genukeela pentsatzea ez da hain zaila. Baietz dirudi, ordea. Duela pare bat egun Jonan Fernandezek hitz egin du. Ez dakigu Erkidegoko Gobernuak ze neurri zehatz hartuko dituen gerora begira, baina erosketak aurreratzeko aholkatu zigun, jende pilaketak saiheste aldera. Sarrera da aldatu behar dena nonbait, eta ez jarrera. Kantuan esan behar zuen: «Ahal den! Azkarren! Danapikutajundare, erostungeraliluratuba, ez inoiz pentsa nahikoa zen».

HITZ ETZANAK
Sarrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu