Zinemaldia bukatzearekin, datorren asteburuan itxiko dute Donostiako Tánger taberna. Guretzat, askotan pasadan harrapatzen gintuelako edo, gure paisaiaren parte zen txoko berezia. Bertako maizterrak segitzeko prest omen zeuden, baina lokalaren jabeak salgai jarri du. Garesti. Oso garesti. Inork ezagutzen ez dituen kanpotar inbertsoreek baino ordain ez dezaketen prezioan. Arimarik gabeko funtsek ze etorkizun emango dioten lokalari, hori ikusteko dago.
Tabernari batek kontatu berri dit gure herrian ere lau-bost taberna itxi dituztela denbora tarte laburrean. Galera. Nik behintzat, gustuko ditut leku zaharkituak, usainak min, zoruan paperezko ahozapiak kotoi-lore itxura hartuak, eta barra izkinan norbait, mihia lodi eta presa mehe, bere gorabeherak totelduz.
Ezaguna egin zen munduan Mario Vargas Llosaren pertsonaia haren galdera: «Noiz izorratu zen Peru?». Badut lagun bat, Euskal Herria noiz izorratu zen oso argi daukana: «Betiko tabernen ordez kafetegi handi, zabal, argi eta garbiak jartzen hasi zirenean. Leihoen ordez erakusleihoak ditiztek. Eta aratza-ren antonimoa ez duk narratsa. Duk, arratsa. Hori galtzean izorratu gintuan. Orain, ikus gaitzaten nahiago diagu ikus ez gaitzaten baino». Miguel Sánchez-Ostizen Tánger bar berrirakurriko dut iraganmina asetze aldera...