Tabernako berriketaldietan maiz azaltzen den gaia da, batik bat futbolariren batek etxeko taldea utzi eta handiago batera hanka egiten duelarik. Edozein langilek gauza bera egingo zukeela esango du batek, soldata hobearen truke lanpostua aldatuko ez lukeenik ez dela, lehen halako bi kobratzera guztiok joera bera izango genukeela. Bikoitzetik bikoitzera bada, ordea, aldea. Hilean 800 euro kobratzetik 1.600 kobratzera jotzen duenak bizi-kalitatea hobetuko duela badaki. Jarri ahal izango duela behingoz bitrozeramika ditxosozkoa; berogailua sarriago ipiniko duela martxan; irten ahal izango dela tarteka kanpora afaltzera; botikak erosteko ere beldurrak ez dela ibiliko. Urtean sei milioi euro ez da urtean hiru miloi euroren bikoitza. Hainbeste da hiru miloi ere... ez du bikoitzik matematika puruan ez bada!
Kontu bera politika eta aginteari dagokionez. Korrupzio kasuak azaleratzean taberna izkinan sarri entzuten da haien tokian bageunde geu ere akaso tentazioan eroriko ginatekeela, egiten ez duenak aukerarik ez daukalako ez duela egiten, probatu arte ez dagoela jakiterik. Ez nuke halakorik sinetsi nahi.
Bestalde, aste honetan hasi da Euskal Herrian eman (omen, amen!) den korrupzio kasu handienetakoaren inguruko epaiketa.

HITZ ETZANAK
Tabernan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu