Nafarra da. Castejongoa. Fisika Magnetikoan espezializaturiko zientzialaria. Askotan, zientzialariek badute trebetasuna ulergaitzak diren kontuak ulertzeko moduan kontatzeko. Hala dio planeta honetan pertsonak duen presentziari buruz: «Unibertsoaren historia hiru orduko iraupena duen film batean azalduko bagenu, bizitzaren eboluzioa azken ordu erdian azalduko litzateke. Animaliak azken bost minutuetan baino ez genituzke ikusiko. Eta pertsonak azalduko ginateke azken segundoaren zati txiki batean soilik. Giza zibilizazioen historiak azken hiru milisegundoak harrapatuko lituzke, eta zientzia litzateke azken hamarrenaren milisegundo bateko flash bat».
Javier Tejada Bartzelonako Unibertsitateko Fisika katedradunaren hitzak dira, nik euskarara ekarriak. Filmaren konparazioak asko errazten du gure txikitasunaren neurriaren ulermena. Guztioi komeniko litzaiguke balizko film hori ikustera joatea. Baina beldur naiz ez ote ginatekeen gehienok, gu azaltzen ez garelako, aspertu eta bukatu aurretik irtengo.
Akaso, huskeria garela konturatzeak garamatza txiribuelta bat egiten ikasi dugula eta Tiktoken jartzera; Parisen izan garela eta Eiffel dorrepean ateratako argazkia Instagram-en jartzera. Edo ez konturatzeak. Hori bai: guztiok esaten dugu —batik bat bakarrizketagileek— badakigula geure buruaz barre egiten.