Ez da erraza mundua ulertzen. Atzoko berri-paper honen lehen orriko argazkia da adibide polita. Neskato bat, hamar-hamabi urtekoa, COVID-19aren aurkako txertoa hartzen Gasteizen.
Soinean elastiko arroxa bat darama, eta letra maiztu handietan irakur daiteke Ramones. New Yorkeko Queens auzoko taldea, punk musikaren aitzindarietako bat, batzuei gustatuko zaie eta besteei ez hainbeste. Dakitenek diote, disko eta zuzeneko emanaldietatik baino diru gehiago atera zutela elastikoen salmentatik hogeita bost urteko ibilian. Nire lagun batek maiz errepikatzen du: «Musika batzuk azalera iristen dira eta beste batzuek kamixetetara iritsita nahikoa dute». Ez dakit adiskide horrek Ramones non sailkatzen duen...
Ez dakit neskatoari taldea gustatzen zaion edo bere gurasoei zaien atsegin. Akaso, ez bata eta ez bestea. Merkadotekniak egingo zuen bere lana segur aski. Kontua da neskatoa jaio zenerako Ramones taldearen sortzaileetariko lautik hiru aski gazterik zenduak zirela. Eta haietako bat, heroina gaindosi bat tarteko. Horregatik eragin dit hainbeste argazkiak. Askori xiringak sortzen dionaren antzeko hozkia sentitu dut argazkia ikusi eta datuak lotzean. Nire errua izango da, hainbeste ertz dituen mundu hau ulertzen saiatzeagatik.

HITZ ETZANAK
Xiringa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu