Xoxo baten zelatan zebilen. Sastraken atzean bazebilela xoxo bat eta xoxo haren zelatan zebilen. Gurekin berriketan ari zen bitartean, zer moduz da Nikolas? Eta Aita Altube, bizi al da xoxoa zuen buruan. Begiak saltoka zebilzkien, han Arantzazun, zorura, zerura, ortzimugara... xoxoaren bila.
Gurasoek ezkonduta hirurogei urte bete zituzten egunean, pandemia garaian ospakizun handiagorik egiterik ez, eta Arantzazurako plana egin genuen. Anai-arrebotan bi, aita eta ama. Astegun buruzuria. Askotan ez bezain hutsik zegoen eliz-atariko zabalgunea. Egia izango da pertsonok etxeratzearekin naturak bizkor hartzen duela berriz ere bere lehengo lekua, Pello Zabala baitzebilen han, xoxoaren zelatan. Elkarrengana hurbildu ginenean, aurkezpen ezohikoa ezpainetaratu zitzaidan: «Hau ezagutuko duzue, ezta? Aspaldian izan den fraiderik mediatikoena...». Pellok begiak ñañartu zituen. Irribarrea loratu zitzaion, eta zirto batez erantzun zidan: «Mendiartekoena esan nahi izango huen...». Asfaltotik ari zitzaigun, baina naturari so. Ez genekien azken aldia izango zenik ez da jakiten gehienetan, eta ez genuen txolartea gehiegi luzatu.
Orain, xoxoak galdu du mokoa. Min hartu dugu naturaz, eguraldiaz, musikaz, bizitzaz... moko hari esker zerbait ikasi genuenok.

HITZ ETZANAK
Xoxoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu